Martxel Aldai (Orio): “Larunbatekoa guretzat kolpea izan zen”

Txapeketak eta Ligako lehen hiru jardunaldiak ospatuta, Martxel Aldai arraunlariak lehen balantzea egin du

Martxel Aldai (Aia, 1997) 2010ean hasi zen Orio Arraun Elkartean arraunean. Txikitatik izan zuen San Nikolas traineruan aritzeko ametsa, eta 2016an bete zuen. 2022 eta 2023ko denboraldietan arraunetik aldendu bazen ere, 2024an itzuli zen, «hainbeste eman didan taldeari eta jendeari ez huts egiteko». Ordutik, ia estropada guztietan parte hartu du, eta aurten ere bi jardunalditan aritu da, eta bietan lortu du garaipena Oriok.

Denboraldia maiatzean hasi zen, eta ordutik hiru txapelketak irabazi dituzue (Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako Txapelketak). Gainera, Eusko Label Ligako lehen hiru banderetatik bi ere zuek eskuratu dituzue. Nola baloratzen duzu hasiera?

—Orokorrean, balantzea oso positiboa da. Txapelketak denboraldiaren hasieran jokatzen dira, eta ez dakizu gainerako taldeek nola planteatzen dituzten; denboraldia oso luzea da, eta baliteke haien lehentasun nagusia ez izatea. Guretzat, ordea, helburu argiak ziren, eta hirurak irabazi genituen. Liga ere bide onean hasi dugu, beraz, orain arteko balantzea oso ona da.

Denboraldi hasieran erakutsi duzue bai urtegian, bai itsasoan lehiatzeko gai zaretela. Non aritzen zarete gusturago?

—Uste dut traineruan gauden gehienok itsasoan gusturago aritzen garela. Beste joko mota bat da; itsasoarekin bat egin behar duzu, eta horrek bere xarma dauka. Hala ere, egia da txalupa azkar batek azkar izaten jarraituko duela urtegian, errekan zein itsasoan.

Asteburura etorrita, larunbatean Bilbon taldekideek izan zuten irabazi. Bigarren egin zenuten, nola hartu zuen taldeak bigarren postua?

—Erlatibizatzen jakin behar da, baina ez dugu ezkutatuko guretzat kolpea izan zela. Badakigu baliabideak eta gaitasuna ditugula estropada guztietan garaipenaren lehian egoteko. Bilbon ez ginen gure mailarik onena emateko gai izan, eta hor egin genuen huts. Gure onena emanda beste batek irabazten badigu, txalotu egin behar da eta aurrera. Baina larunbatean ez genuen gure estropadarik onena egin, eta arantza hori barruan genuela irten ginen Zierbenara.

Hori da, Zierbenan, hasieratik ikusi zitzaizuen beste maila batean.

—Gure egoeran dagoen talde batek badu arrisku bat: irabaztea normaltzat hartzea. Gainera, taldean gauden askok urte asko eman ditugu hainbeste irabazi gabe. Orain badakigu gaitasuna dugula, eta kanpotik ere jendeak Oriok irabaztea espero du. Horrek, ordea, arrisku bat dakar: erlaxatzea edo geure burua behar adina ez estutzea. Aurkariek ere maila oso handia dute, eta edozein egunetan irabaz gaitzakete. Horregatik Zierbenara alerta moduko egoera batean iritsi ginen. Bilbon jasotako lepaondoko txiki hark gogorarazi zigun estropada bakoitzean ehuneko ehuna eman behar dugula.

Jardunaldi guztietan estropada irabazteko hautagai nagusietako bat zarete. Nola kudeatzen duzue presio hori?

—Kanpotik datorren presioa ez dugu gehiegi sentitzen; geure buruari jartzen dioguna da handiena. Talde luzea daukagu, eta astero barne lehia handia izaten dugu traineruan tokia lortzeko. Bakoitzak bere onena eman behar du postua irabazteko. Presio hori, neurri batean, osasuntsua da. Gure errendimendurik onena ematera behartzen gaitu, eta askotan errendimendu on hori bandera irabaztearen sinonimo izaten da.

Zierbenako estropadaren azken 200 metroetan Getaria asko hurbildu zitzaizuen. Gorkak zerbait esan al zizuen une horretan? Erritmo aldaketa nabarmena izan zen.

—Askotan gertatzen da, batez ere igandeetan. Ohorezko txandan gabiltzan traineruen artean lehia handia izaten da. Borroka hori argitzen hasten denean edo garaipena eskura duzula pentsatzen duzunean, bat-batean pinganillotik abisua iristen da: «Getaria sei segundora». Minutu batez edo minutu eta erdiz ia erreferentziarik gabe joan ginen, eta orduan etorri zen mezua: «Egurra, hemen estropada dago». Une batean hiru segundora ere jarri zirela esan ziguten. Horrek erakusten du amaierara arte ezin dela erlaxatu. Liga hau horrelakoa da: gaur gure alde atera da, baina hurrengoan kontrakoa gerta daiteke.

Eusko Label Liga oso irekita hasi da: larunbatean Bermeok irabazi zuen, gaur Getariak ezustekoa eman du, Donostiarrak Gipuzkoako Txapelketan… Nola ikusten dituzu aurkariak?

—Ohorezko txandan gauden talde guztiak gai dira edozein egunetan guri aurre egiteko. Eta Getariak eta Hondarribiak ere, nire ustez, esan nahi dutena baino maila handiagoa dute. Agian ez dira jardunaldiro garaipenaren lehian egongo, baina egun jakin batean edozeini irabazteko gai dira. Getariak iazko denboraldi amaieran erakutsi zuen abiadura handia mantentzeko gaitasuna duela. Argi dago maila handia dugula, baina despistatzen garenean edo gure arraunketa ateratzen ez dugunean, edozein aurkarik irabaz diezaguke. Gu, hala ere, ez gara txanden edo kanpoko faktoreen inguruan obsesionatuko; gure esku dagoena da egunero gure errendimendurik onena bilatzea. Gainerakoa etorriko da, eta liga honetan edonork irabaz dezake.

Denboraldia amaitu arte, zein dira Orioren helburuak?

—Badakigu baliabideak eta gaitasuna ditugula estropada guztietan irabazteko lehian egoteko. Horregatik, gure helburua errendimenduan jartzen dugu, emaitzan baino gehiago. Jardunaldi bakoitzean gure bertsiorik onena ematea da gakoa. Hori lortzen badugu, garaipenak etorriko dira. Zenbakitan jarrita, noski, ahal den bandera gehien irabazi nahi ditugu. Baina horretarako bidea beti bera da: gure mailarik onena ematea.

Arlo pertsonalera etorrita, 2016an egin zenuen debuta Orioko A traineruan. Nola oroitzen duzu denboraldi hura?  

—Etapak dira. 18 urterekin A traineruan sartzeko aukera izan nuen, ordura arte ia idolo nituen arraunlariekin batera. Niretzat ikaragarria izan zen. Lehen urtean errazago onartzen duzu bigarren mailako rola izatea; bigarrenean gutxiago eta aurrerago, traineruan egon nahi duzu bai ala bai. Denborarekin ikuspegia ere aldatzen da. Hasierako grina beste modu batean bizi dut gaur egun. Ez da irabaztearen kontua bakarrik; arrauna beste modu batean bizi dut, baina lehen egunean bezainbeste gozatzen jarraitzen dut.

Orion arraunak pisu handia du. Zer esan nahi du zuretzat Orioko A traineruan aritzeak?

—12 urterekin hasi nintzen Orio Arraun Elkartean. Hasieran ez nuen ondo arraun egiten, gero pixkanaka hobetu, baina txikitatik A traineruko arraunlariak ziren nire erreferenteak. Haiek ziren onenak, eta haien mailara iristea zen ametsa. Helburu hori betetzen duzunean konturatzen zara Orioko identitatearen zati baten parte zarela. Herriak modu oso berezian bizi du trainerua; familia-loturengatik, historiagatik eta sentimenduagatik. Horregatik, Orioko A traineruan aritzea ohore eta pribilegio handia da niretzat. Ez dut uste beste traineruren batean horrela bizitzeko aukera izango nukeenik.

Zein aholku emango zenioke arraunean hasi berri den gazte bati?

—Lehenik eta behin, disfrutatzeko esango nioke. Lagun asko egiteko eta ezertarako presarik ez izateko. Entrenatu egin behar da, noski, baina denborak berak erakusten dizu bidea. Gu, adibidez, hasieran korrika egitera bidaltzen gintuztenean, palmerak erosi eta jatera joaten ginen (barre egiten du). Pixkanaka, ordea, arra sartzen zaizu. Besteak azkarrago doazela ikusten duzu, haiek gainditu nahi dituzu, eta lehiakortasuna berez etortzen da. Horregatik, etapa bakoitza bere erritmoan bizitzea da garrantzitsuena, antsietaterik gabe. Helburua ez da hasieratik irabaztea; helburua da disfrutatu, lagunak egin eta arrauna bizitzako ihesbide eder bat bihurtzea.

2024an itzultzea ere erabaki garrantzitsua izan zen zuretzat. Nola gogoratzen duzu une hura?

—Une pertsonal berezi batean nengoen. Zalantzan nenbilen arraunera itzuli ala ez. Hasieran zuzendaritzatik deitu zidaten; Arostegiren etorrera ere ez zegoen baieztatuta, eta une hartan lau arraunlari baino ez zeuden lotuta. Taldea ia ez zegoen. Erronka horrek erakartzen ninduen, baina batez ere klub honek eta herriko jendeak eman didan guztiari nolabait erantzun nahi nion. Laguntzeko borondatearekin eman nuen pausoa, eta ez naiz batere damutzen. Urte zaila izan zen, baina oso polita, eta gero etorri den guztiaren oinarriak jarri zituen.

2024an 20 estropadetatik 19 jokatu zenituen. Sekulako itzulera izan zen.

—Urte hartan esperientzia handiko arraunlari gutxi geunden traineruan. Gazte oso onak sartu ziren, baina Eusko Label Ligan eta itsasoko estropadetan esperientzia behar da. Maila horretan, esperientziak asko balio du; egoerak irakurtzen eta une bakoitzean zer egin jakiten laguntzen dizu. Horregatik uste dut nire itzulerak ere zentzua izan zuela. Egia da ez genuela ezer irabazi, eta garaipenetik ere ez ginela oso gertu ibili. Hala ere, asko gozatu genuen. Oso talde batua osatu genuen, eta inork ezer espero ez zuen urte batean zerbait berezia eraikitzea lortu genuen. Horregatik gordetzen dut hain oroitzapen ona.

Iaz, berriz, Iker Zabalaren lehen denboraldian, 17 aldiz izan zinen titular eta 16 bandera irabazi zenituzten. Aldaketa ikaragarria izan zen.

—Iker etorri aurretik, inork gutxik espero zuen horrelako denboraldia egingo genuenik. Arraunlari guztiek amesten dute urte batez txalupa azkarrenean aritzearekin, bandera gehien irabaztearekin eta egunerokoa horrela bizitzearekin. Guk hori bizi ahal izan genuen. Baina, lortutako guztitik —16 bandera, Liga, Kontxa eta txapelketak—, politena ez zen hori bakarrik. Politena taldeak nola egin zuen bat ikustea izan zen. Helburu kolektibo baten alde. Gose handiarekin lan egin genuen, eta konplizitate hori da gehien gogoratzen dudana.

Eta herriaren babesa ere ederra izan zen.

—Ez dut uste Orioko zaleak gauzak gaizki doazenean ezkutatzen direnik. Alderantziz, hasieratik nabaritu genuen presioa. 2024an aldaketa handiak izan ziren, eta Iker fitxatzea ere askorentzat apustu ausarta zen. Nik hasieratik sinetsi nuen proiektuan, baina bagenekien herriari erakutsi behar geniola bide onean geundela, ez genuela atzera egin. Garaipenak iritsi ahala, zalantzak desagertzen joan ziren, eta Liga eta Kontxa irabazi genituenean sortu zen giroa… hori hitzekin azaltzea ezinezkoa da.

Bi denboraldien arteko alde handiena Iker Zabala izan da. Zer ekarri dio taldeari?

—Nire ustez, gaur egun dagoen entrenatzailerik onena da. Ez entrenamenduetan bakarrik; eguneko minutu guztietan da entrenatzailea. Kontrolatu daitezkeen gauza guztiak kontrolatzen ditu, egoera guztien gainean dago eta sekulako lana egiteko gaitasuna dauka. Horrek taldea ere kutsatzen du. Entrenatzaileak hainbeste ematen duela ikusten duzunean, zaila da zuk gutxiago ematea. Horregatik da erreferentea. Arraunaz izugarri daki, pasioa transmititzen du eta exigentzia handia dauka. Baina exigentzia hori ez du hitzez bakarrik eskatzen; bere lan egiteko moduarekin erakusten du. Horixe da, nire ustez, bere indargunerik handiena.